30 euroren truke 40 euroko balioa duten erosketa txartelak erosi ahal izango dituzte herritarrek azaroaren 6tik aurrera. Kanpainara atxikitu nahi duten establezimenduek azaroaren 2ko 12:00ak baino lehen egin beharko dute eskaera.
Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiei beste bultzada bat emateko, udazkenerako bono kanpaina abiatu dute Udalak eta Gertu merkatari elkarteak. Zehazki, 30 euroren truke 40 euroko balioa duten erosketa txartelak jaulkiko dituzte, eta herriko establezimenduetan 40.000 euroko inpaktu zuzena edukitzea aurreikusten da. Herritarrek azaroaren 6etik aurrera erosi ahal izango dituzte bonoak, turismo bulegoan.
Gertu elkarteko kide direnek ez dute aurrez izena eman beharko; elkartetik kanpo dauden eta kanpainara atxikitu nahi duten merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiek azaroaren 2ra arteko epea izango dute izena emateko (12:00ak arte). Horretarako, eskaera orria bete eta zumaiaelkartea@gmail.com helbidera bidali edo turismo bulegora eraman beharko dute. Gertu elkartekoak ez direnek ere parte hartu ahal izango dute bono sisteman.
Orain arte bezala, saltoki bakoitzak gehienez 5.000 euro arteko balioa bete arte onartu ahal izango ditu bonoak. Behin zifra horretara iritsita, ezin izango ditu bono gehiago onartu, eta herritarrek ezin izango dituzte bonoak saltoki horretan erabili.
OINARRIAK
IZEN-EMATE ORRIA
Epea: azaroak 2 (12:00)
INFO +: zumaiagertuelkartea.eus
30 euro ordainduta, 40 euroko bonoa
Kanpainaren prestaketa lanak amaituta, herritarrek azaroaren 6tik aurrera bonoak amaitu arte erosi ahal izango dituzte erosketa txartelak, turismo bulegoan. Bonoen prezioa 30 eurokoa izango da, eta 40 euroko balioa duen txartela eskuratuko dute herritarrek, Zumaian bertan erabiltzeko. Txartel bakoitzak 10 euroko lau zati edukiko ditu, banaka edo batera erabiltzeko.
Herritar bakoitzak erosketa bakarra egin ahal izango du, eta bakoitzak bi bono eskuratu ahal izango ditu. Erosketa bakarrean egin beharko da hori, eta ezinbestekoa izango da, norberarenaz gain, beste pertsonaren txartel identifikagarri baten kopia edo argazkia erakustea. Azaroaren 6tik aurrera egongo dira eskuragarri, eta 2026ko urtarrilaren 6ra bitartean bitartean erabili ahal izango dira, kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.